“Nolakoak garen eta zelan ikusten gaituzten” dokumentalaren estreinaldia martxoaren 23an izango da.

Giltzarri Plataformaren gaztetxo talde bat euren eguneroko bizitzari buruzko bideotxoak sortzen ibili zen hilabete batzuetan zehar. Bideotxoetan gure gizartean erabat hedatuta dagoen nerabeei buruzko irudi negatiboa desmontatzen saiatu ziren eta, era berean, benetan nortzuk diren eta zer egiten duten azaltzen ere. Euren lanak komunean jarri zituzten eta, hezitzaile baten laguntzarekin, proiektu hau aurkezteko modua eratzea erabaki zuten.

 

Dokumental honetan neska-mutilek kontatzen digute irudi negatibo honek zelako eragina daukan eurengan eta orokortzeek ez dietela hazten uzten. Halaber, gazteen aniztasuna, gazteen ardurak, gaitasunak eta gizartean elkarbizitzeko almena erakutsi nahi dizkigute, hau da, nolakoak diren eta zelan ikusten ditugun nerabeak.

 

Dokumentala martxoaren 23an, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, arratsaldeko 19:00etan estreinatuko da. Sarrera librea da aforoa bete arte. Proiekzioarekin batera nerabeek beraiek aurkezpena eta solasalditxoa egingo dute.

 

“Nolakoak garen eta zelan ikusten gaituzten” Barakaldoko Udaleko Aisialdirako Zerbitzuko Giltzarri Plataformak burututako ikusentzunezko ekimena da eta 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek hartu dute parte.