Giltzarri Eskola proiektua Giltzarri Gazte Partaidetzarako Plataformaren ardatza da. Bere zeregin nagusia nerabeei errealitatea aztertzeko, eraldaketarekiko konpromisoa hartzeko eta gizartea dinamizatzeko tresnak ematea izango da. Azken finean, dinamizatzaile eskola bat da. Bertan, talde dinamikan oinarritutako metodologia baten bitartez, talde bat dinamizatzeko behar diren tresnak eta gizarte trebetasunak eskuratuko dituzte partaideek: nola komunikatu, nola izan asertibo eta enpatiko, nola garatu gatazkak bideratzeko ahalmena eta nola bihurtu erreferente positibo.
Bi astean behin bilduko dira, eta saioak teorikoak eta praktikoak izango dira. Taldeetan bertan edo elkarteetan garatuko dituzte praktikak, bai eta urtean egiten diren berariazko jardueretan ere.
4 maila dauzka Giltzarri Eskolak:
1. eta 2. Mailak
Bi astean behin. Arlo hauetako prestakuntza-saioetan arituko dira: dinamizazioa, gizarte-trebetasuna, boluntariotza, parte-hartzea eta lidergotza.
3. Maila
Aurreko bi mailetan ikasitako guztia garatzeko konpromisoa hartuko dute. Taldean bertan, elkarte batean edo eurek aukeratutako institutuko dinamizazio talde batean garatu dezakete praktika.
Noizbehinkako prestakuntza saioetan parte hartzeko aukera emango zaie ikasturte honetan praktikan ikasitakoa indartzeko.
18+ Maila
Ikasturte honetan 18 urte bete dituztenez, Giltzarriko prozesua amaitzera doazen gazteek, nahi izanez gero, etapa honetarako udalerriak zer baliabide eskaintzen dizkieten jakingo dute, bai eta non garatu dezaketen beren parte-hartze edo boluntariotza proiektua beste esparru batzuetan.
Hirugarren mailan bezala, aukera izango dute beste mailei zuzendutako prestakuntza saioetan parte hartzeko.